XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

beraz, alde batetik, langue mailan, hizkuntz esanahiak daude; eta bestetik, edukin testualean, izendapena eta zentzua. Sarritan, izendapena eta zentzua bat datoz; ez beti ordea, eta halakoetan sortzen zaizkio arazorik larrienak itzultzaileari. Horregatik interesgarria eta argigarria derizkiogu azken berezkuntza horri.

Horrela, goiko hiru espresioek gauza bera izendatzen dute; zentzua ere izendapenarena bera da. Askotan ordea, hizkuntz espresio baten izendapena bat da, eta beste bat zentzua; horrela, gora eta gora-ren izendapena eta itzulpena arriba y arriba da, printzipioz; zentzua ordea besterik da, euskaldunontzat hori himno ofiziala da eta: eta espresio hori, hain zuzen ere izendapen eta zentzuaren arteko desfasearengatik, itzulezina da. Beherago ikusiko dugunez, halako desfaserik literaturan eta lirikan batez ere, oso maiz gertatzen da: horregatik zenbat eta literarioagoa izan testua, orduan eta zailago da itzultzen; batzuetan, erabat itzulezina ere bada. Halakotan, itzultzailea aukera bat egin beharrean aurkitzen da: edo eta izendapena itzultzen du (arriba y arriba), zentzua galtzen delarik (ohar bat ipiniz agian, adierazpenaren zentzua azalduz); edo zentzua itzultzen du (himno erdaldunen bat ipiniz adib.), eta izendapena galdu egingo litzateke. Azkenik, dagoen-dagoenean utz lezake, itzuli gabe: hemen hori litzateke noski aukera egoki bakarra (berriz ere, oharren bat erantsiz). Askotan ordea, nola edo hala izendapena edo zentzua aukeratuz itzuli egin beharko da.

5.2.1. Testuaren ulerpena: elementu estralinguistikoak

Esan bezala, testuek ez dute edukin linguistiko soilen bitartez bakarrik funtzionatzen; jakintza unibertsal inplizitu batek ere jokatzen du testuen ulerpenean, hau da, gauzen ezagupen orokorrak, eta baita ere berbaldi-ekintza bakoitza inguratzen duen hizkuntzaz kanpoko egoera orok. Horrela, amak jantzita dagoen haurrari hondartzan ez joan uretara dioenean, badakigu urak busti egiten du jakintzat ematen dela (agian, eta haurra oso txikia bada, ez du hori jakingo, eta ez du ulertuko amaren debekua, nahiz eta hitzak ulertu). Hau da, jakintza hori eta beste hainbat faktore berbaldi-ekintza guztietan ematen da eta erabakiorra da mezuaren ulerpen osorako.

Jakintza estralinguistikoak izendapena mugatzen du (horrela, eguzkia, ilargia, izendapen indibidualak dira, gure ingurune naturalean eguzki eta ilargi bakarrak ezagutzen ditugu eta); baina zentzuarekin du zerikusi nagusia. Ipuin baten hasieran honelakorik irakurriko bagenu: Bigarren eguzkia zeruan zen jadanik. Bangek bost begiak ireki eta..., jakintza unibertsala dela medio, badakigu ipuin fantastikoa dela hori.

Jakintza estralinguistikoak hedadura desbedina izan lezake: unibertsala izan liteke, hau da, naturalezaren ezagupena da: besoak zabaldu zituen entzundakoan, badakigu (normalean) bi beso direla; nahikoa zabala eta hizkuntzartekoa izan liteke, ez orokorra ordea: Lou Reed ikustera noa mezua, jende mota jakin batek bakarrik ulertuko du (nahikoa gaztea, musika (rock) zalea...), baina hizkuntz komunitatearekin zerikusirik gabe, etab.